2022/10/19



FVEM-ek greba egitera bultzatu ditu Bizkaiko metalgintzako langileak

Nahiz eta joan den astean gehiengo sindikalak patronalari eskatu zion negoziazio planteamendu bat egin zezala langileen eskubideen kontra egin gabe, FVEM ez da gai izan hitzarmenaren negoziazioa bultza dezakeen jarrera bat ekartzeko gaurko negoziazio mahaira. Hala salatu dugu, ohar bateratu baten bitartez, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok.

10 hilabete, 14 bilera eta uda aurretik egindako 3 greben ondoren, patronalak proposamen bat egin du, langileen erosteko ahalmena bermatzen ez duena. Guztira, %10eko igoera eskaintzen du 3 urteko hitzarmenerako, gehienez ere %12ko berrikuspen batekin. Azken datuen arabera, %8,9ko inflazioan gaude, iazko %6,5arekin batera, eta patronalaren planteamendua langile klasearen aurkako erasoa eta grebarako dei argia da.

Gehiengo sindikalarentzat, FVEMen proposamena arduragabea da, etxeetan ziurgabetasuna dagoenean hilabete amaierara iritsi ahal izateko, erosketa-saskia bete ahal izateko, hipotekaren edo alokairuen igoerei aurre egin ahal izateko, edo, zuzenean, datorren neguan etxeetan berogailua pizteari uko egin behar izateko. Egoera hori aprobetxatu nahi du patronalak baldintzak okertzeko, malgutasuna handitzeko gure kontziliazioari eraso eginez, aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak murrizteko, lan-istripuak pairatzen dituztenak auzitan jarriz edo gutxieneko bermea mugatuz.

Ez dugu egoera hori onartuko. Datorren 25ean, FVEM-ek beste aukera bat du. Datozen egunetan mobilizazioarekin jarraituko dugu eta, ezer aldatzen ez bada, datorren astean lantokiak hustuko ditugu berriro eta kaleetan izango gara hitzarmen duin bat exijitzeko. Hitzarmenik gabe ez da normaltasunik egongo enpresentzat.

FVEM lleva a las trabajadoras y trabajadores del metal de Bizkaia a la huelga

No hay comentarios: