Irailaren 28rako mobilizazioak deitu ditugu euskal gehiengo sindikaletik, Kataluniari babesa emateko
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuok urriaren 1ean Katalunian egingo den erreferenduma babesten dugu, eta bere emaitzak onartzeko konpromisoa adierazten dugu. Demokrazia eta herrien autodeterminazio eskubidea da urriaren 1 honetan jokoan dagoena. Horregatik, pauso bat aurrera eman nahi dugu elkartasunetik eta klase aliantzatik, Kataluniako prozesuaren aurrean konpromisoa hartuz eta honen parte aktibo izanez.
Euskal gehiengo sindikalak agerraldi bat egin dugu gaur, Bilbon, Kataluniaren erreferendumaren aldeko mobilizazioen berri emateko. Irailaren 28an irtengo gara kalera, eta hauek dira hitzorduak:
BILBO. Moyua plazan.11:00
DONOSTIA. Alderdi Eder, 11:00
GASTEIZ. Gobernuko Azpiordezkaritzan. 12:00
IRUÑA. Gobernuko Ordezkaritzan.12:00
Lehenik eta behin, konbentzituta gaude mobilizazioari eta herri aktibazioari esker bakarrik lortu daitekeela urriaren 1ean Kataluniako herritarrek bozkatu ahal izatea. Bigarrenik, ulertzen dugu Kataluniak irekitako bideak beste ate bat ireki dezakeela Espainiar estatuko gainontzeko nazio eta herrietako langileen bizi baldintzak hobetzeko eta gizarte demokratiko eta justuagoa lortzeko.
Kataluniako instituzioen legitimitatean sustraitutako ariketa demokratiko legitimoa izateaz gain, Kataluniako gizartearen gehiengoa -independentziaren alde ala kontra egon- auzi horri buruz galdetua izatearen alde dago.
Horregatik, Espainiako Gobernua komunikabideen, alkateen, Generalitatearen eta oro har Kataluniako herriaren kontra gauzatzen ari den eraso antidemokratikoa irmoki salatzen dugu. Sistema demokratiko batekin baino frankismoaren garaiarekin zerikusi handiagoa duen salbuespen egoera ezarri du PPk, PSOE eta Ciudadanosen laguntzarekin.
Era berean, deitoratzen ditugu bi jarrera: alde batetik, hitzez herrien autodeterminazioaren alde egonda ere, Estatuak eragindako berme ezaren erantzukizuna demokratei leporatuz, atzera egiten duten horien koherentzia eza. Bestetik, Kataluniako herriarekiko Eusko Jaurlaritzaren elkartasun eza onartezina iruditzen zaigu, Rajoyen gobernuarekin egindako akordioek PPko gobernua sendotu eta Kataluniako instituzio demokratikoak ahultzen dituztelako.
Gainera, PPrekin lortutako akordioek, antisozialak izateaz gain, autogobernua mugatzen dute. Euskal gizartean kontrapisu eraginkorrik behar du, bestela propaganda ofizialak bidea irekita dauka Kataluniarekiko ustezko elkartasuna eta PPrekin akordioak aldi berean defendatzeko. Bestela, jarrera tinkoagoa eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari, demokraziaren aldeko prozesuaren kontrako errepresio bortitza ikusita, inork ezin duelako beste aldera begira egon.
Beraz, agiri hau sinatzen dugunok mobilizatu eta erreferendumaren defentsaren parte aktiboa izateko konpromisoa hartzen dugu, betiere, urriaren 1 honetan herri katalanak botoa ematera joateko aukera eduki dezan modu libre eta demokratikoan. Gauzak horrela, Kataluniako herriarekiko elkartasuna erakusteko elkarretaratzeak deituko ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburutan, irailaren 28an.
Aranburu: "Atxilotu guztiak askatzea eskatzen dugu"
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitz hartu du agerraldian. "Tinkotasunez salatu nahi dugu aste honetan Espainiako Gobernuak emandako jauzi errepresiboa. Generalitateko 14 goi-karguren atxiloketa eta miaketekin koska bat estutu dute bide errepresiboa. Lehenik eta behin, atxilotu guztiak askatzea eskatzen dugu", nabarmendu du Aranburuk.
Erreferendumari baldintzarik gabeko babesa adierazten diogula adierazi du: "Espainiako estatuak erakutsi du ez dela posible adostutako bidea egitea, ez duela herri langileen erabakitzeko eskubidea bermatzen. Kataluniako herriak zilegitasun osoa du erreferenduma deitzeko".
Euskal Herrian ere gauza asko jokoan daudela aipatu du: "Bi errealitate ezberdin bizi dituzten bi herri gara. Baina bi herriok nahi dugu erabakitzeko eskubidea egikaritu, aipatu eskubidea egikaritzea eragozten duen Estatu guztiz antidemokratiko baten barruan. Katalunia 78ko erregimena zalantzan jartzen ari da eta Euskal Herria bigarren fronte bat irekitzeko gai izan behar gara. Antzerako burujabetza prozesua jarri behar dugu martxan Euskal Herrian. Erakitzeko eskubidearen alde dago gehiengoa".
EAJrentzat hitzak ere izan ditu idazkari nagusiak: "Ez du ematen hau denik EAJren gobernuaren bidea. Atzo bertan entzun genuen Urkullu berriro aldebikotasunaz hitz egiten. Erabakitzeko eskubidea errespetatuko ez deula erakusten ari den estatu bati aldebikotasuna eskatzea herri honetan burujabetza-prozesuaren aldeko apustua egiten ez dela esateko izkutuko modua da, jendarteak dituen burujabetza nahiak lokartarazteko modua".
No hay comentarios:
Publicar un comentario