2013/11/15

 

Hilaren 28rako Borroka Eguna deitu du LABek

Durangaldea: Hilaren 28rako Borroka Eguna deitu du LABek

Euskal Herri mailan deitutako Borroka Egunagaz bat egin dute LABeko 85 delegatuk asanbladan. Langabezia, prekarietatea eta pobreziaren kontrako protesta izango da. Durangaldean 6.680 langabetu inguru daudela adierazi dute.

LAB sindikatuak asanblada egin du Durangon, eta azaroaren 28an Borroka Eguna egingo dutela iragarri du. 85 delegatuk parte hartu dute batzarrean, eta amaieran prentsarako berba egin dute. Ohartarazi dute hamar beharginetik bi pobreak direla Euskal Herrian, jasotako azkenengo datuen arabera. Horregatik, prekarietateaz eta pobreziaz hausnartu dute: "Lana edukitzeak ere ez du bermatzen bizimodu duina".

LABen ustez, gaur egungo arazoa politikoa da. "Arazoa politikoa denez, konponbidea politikoa izango da". Baina, ez dute gehiegi sinisten politikarien lanean, eta horregatik, presioa egingo duen fronte sozial baten beharra dagoela uste dute. Horrela bakarrik lortuko ei da langileen eskubideak errespetatzea.

Sindikatuak azaldu du Durangaldean 6.680 lagun daudela lan barik, eskuratutako azken datuek diotenez. Borroka Egunagaz negoziazio kolektiboaren defentsa landuko dutela esan dute. Hitzarmen kolektiboak ez badira onartzen, 2014tik aurrera gauzak asko zailduko direla diote, eta Durangaldean indar handiz igarriko dela hori, industriak daukan pisuagatik.

Hilaren 28an, arratsaldeko 19:00etan Durangoko Andra Maritik burutuko den manifestazioa izango da hitzordu garrantzitsuena, eskualdeko deialdia izango da-eta. Baina, goizean goizetik kotxe karabanak egingo dituzte, eta 12:00etan Durango, Elorrio eta Zornotzako udaletxeen parean kontzentrazioak ere bai.

No hay comentarios: